Ander Manterola · Saria 2016


por admin en November 18, 2016

Ander Manterola Zeanurin jaio zan, herri nekazari, euskaldun eta erlijiosoan. Umaroko urte hareek pentsakera, balore eta hizkuntzan itzelezko eragina izan eben.

Hamaika urte ebazala, Seminarioan sartu zan eta 23 urtegaz abade egin zan. Giza Zientziak, Filosofia eta Teologia ikasketak egin ebazan. Hainbat herritan egon zan abade, besteak beste, Laukariz, Bilbo, Zamudio eta Durangon. Galdakaon eta Zeanurin be ibili zalarik lanean. Gainera, aurreko guztiari irakasle lana gehitu behar jako.

Euskera eta euskal kultura izan dira Anderren bizitzaren ardatz. Aita Barandiaranen ikasle izanik, kultura ondarea babesteko eta batez be bizkaiera zaintzeko, euskal kulturaren sustapen, zabalkunde eta ikerketan oinarritutako lan-taldeak martxan jarri ebazan.

Udako euskera ikastaroak antolatzen hasi ondoren, urteetan hamaika ikaslek euskera ikasteko erabili dabezan metodologia eta materialak landu eta garatu ebazan. Horren ondorioz, Bizkaiko zenbait herritan neguan be euskerako eskolak emoten hasi ziran.

Belgikan Antropologia ikasketak egiten ibili ondoren, hona etorri eta irakasle lanari ekin eutson.
Garai haretan, baliabide gitxi baegoan be, gaur egun, bertako zein kanpoko adituak joaten diran Labayru Ikastegiko Euskal Liburutegia dan Derioko euskal gaiei buruzko liburutegia sustatu eban.

Ander Manterolak “Euskal Herriko Atlas Etnografikoa”proiektuari ekin eutson, lagun eta jakitunen lan eskergari esker, ikerketa etnografiko zehatza eta garrantzitsua egin ebalarik, hau da, Euskal Herriko herrietako kultura jaso eta Atlas Etnografikoan batuz eta argitaratuz.
Ander irratian be ibili zan, Radio Popular FM, egun Bizkaia Irratia dan Elizbarrutiko lehen irratsaioan parte hartuz.
Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu eban, euskeraren alde eta euskal kultura aztertzeko eta zabaltzeko egindako lanagaitik.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak “Bizkaitar Argia ” ohorea eskaini eutson.

Aurreko lan guztiari, makinatxo bat ikerketa-lan, hitzaldi, batzar zientifiko, kongresuetako aurkezpen, txosten… gehitu behar jako.

Ander, berezia dogu, bere borondatea eta jakintza besteen zerbitzura jartzeagaitik eta gure kultura ondarea zaindu eta gordetzeagaitik, Anderrek Gazte Role Model Saria merezi dau.